Izakien Kantikatik

IZAKIEN KANTIKATIK
(San Frantzisko Asiskoa)

Gorengo, ahalguztidun, Jaun onbera,
zeureak dituzu gorespenak, aintza, ospea
ta bedeinkapen dena.

Zeuri dagokizu bakarrik, gorengo Jauna,
eta inon ez da gizonik zu aipatzeko dina.

Goratua zaitez anaia jaun eguzkiagatik, ene Jauna,
dirdai handiz diztiratsu argitzen du eguna;
Zurea, goi-goiko Horrena, darama itxura.

Goratua zaitez, ene Jauna,
arreba ilargia ta izarrak direla-ta,
argitsu, bitxi eta eder dauzkazu zeruan jarrita.

Goratua zaitez, ene Jauna, anaia haizeagatik,
aire ta laino, oskarbi eta edozein goragatik;
bere bidez ematen diezu sorkariei jan-edanetik.

Goratua zaitez, ene Jauna, arreba uragatik;
txit onurakor, umil, bitxi eta garbi delarik.

Goratua zaitez anaia suagatik, ene Jauna,
bere bidez argitzen duzu gaua;
eta ederra da, alaia, sendoa ta indarduna.

Goratua zaitez, ene Jauna,
gure arreba ama-lurragatik;
berak mantentzen gaitu eta bera dugu gidari,
lore polit belarrekin fruitu asko dakarki.

Goratua zaitez, ene Jauna,
ta zure maitasunarren eman barkamena
onez hartzen dutenengatik gaixo ta estuasuna.

Zorionekoak, horiek pakez sufri baditzate,
Zuk, gorengo Horrek,
koroatuak izango bait dirade.

Goratua zaitez, ene Jauna,
gorputzeko gure arreba heriotzagatik;
bizitzan ezin dezake gizonek ihes egin harengandik.
Oi, pekatu larritan hil daitezenak errukarri!

Zorionekoak
zure nahi txit santuan aurki ditzanak,
ez bait die gaitzik egingo heriotza bigarrenak.

SORKARIEN KANTIKA (Asisko Frantzisko)
Leon Felipe-ren bertsiotik

Ahalguztidun, gorengo, Jaun onbera,
zuri dagokizu gorespena, aintza eta ohorea;
zuri bakarrik bedeinkapen osoa;
gizakia ez da duin
zu aipatzeko.

Gora zaitzatela, ene Jauna, sorkari guztiek;
gora zaitzala bereziki anaia eguzkiak,
horrek argitzen du eta urratzen eguna,
ederra haren dirdira,
eta bere egilearen berri darama zeruetan barrena.

Gora zaitzala ilargiak;
argi zuri txikarragoa du.
Gora zaitzatela izarrek;
zeure ahalmenez zuk kreatuak dira,
argi, eder, hain bizi,
zeruan dirdaitsu;
gorespena zuri, ene Jauna.

Gora zaitzala arreba urak;
bikaina bere xalotasunean,
onuragarri, garbi, apal;
gorespena zuri, ene Jauna.

Gora zaitzala anaia suak;
eguzkia joan eta hark du argi egiten,
indartsua da, ederra, alaia;
gorespena zuri, ene Jauna.

Gora zaitzala arreba lurrak;
bedeinkapen da den-dena;
gure arreba eta ama lurrak
belarra eta fruitua dakar noiznahi,
eta lore koloretsuak,
eta elikatzen gaitu eta gidatzen;
gorespena zuri, ene Jauna.

Gora zaitzatela
zure maitasunagatik barkatzen eta jasaten dutenak
gorputzeko gaitza eta atsekabea;
zorionekoak nekea bakean sufritzen dutenak,
badatorkie, ba, kontsolamendu-aldia.

© 2024 Diócesis de Vitoria / Gasteizko Elizbarrutia